8 HIRU KATU Ekaineko Kultur Agendaz, Sorionekuak mobilizazio herritarraz eta GOR Diskak-en erretiroaz

07.06.2023

Burlata herri bizia eta musikaria denik ez du inork zalantzan jartzen. Horren adibide, ekainean zehar Hilarión Eslava musika eskolako ikasleen eskutik izango dugun ekitaldi andana. Burlata Bizi! lelopean, ekaineko lehenbiziko hamabostaldian hainbat kontzertu izango ditugu herriko txoko ezberdinetan: haur kantariak, helduen abesbatza, musikariak, biolinak, biolentxeloak, trikiak, akordeoiak, dantza erakusketak, pop-rock-folk kontzertuak, Los Moonsters-en emanaldia, edo ekainaren 16, ostiralarekin, entzungai eta ikusgai izango dugu bertso poteo feminista Saioa Alkaiza eta Maddi Ane Txoperenaren eskutik. Ez dugu inola ere ahaztu nahi sekulako potentzia duen Burlatako Kultur Aniztasunaren Eguna, aurten ekainaren 17an ospatuko dena. Bertan, kulturarteko kalejiraz beste urte batez gozatzeko eta parte hartzeko aukera izango dugu, gure herriaren izaera kolore anitzaren irudia dena, zalantzarik gabe. Baratze batzuetatik jauzi eginda, Iruñerriko beste hainbat txokotan bor-borrean izango ditugun ekitaldien zerrenda luzea xehetu dugu: liburuen aurkezpenak, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, bisita gidatuak, literatura solasaldiak Laban, dokumentalen emanladiak eta beste asko. Eta nabarmentzekoa, ekainaren 10erako euskaren aldeko herri mugimenduak antolatu duen mobilizazio eguna, euskara nafar guztiona den eta izan behar den aldarrikapena gordin eta ozen aldarrikatzeko. 'Sorionekuak' mugimenduak antolatuta, euskararen aldeko dinamika herritarra da; guztiok baikara sorionekuak. Eta, batez ere, sorionekuak dei bat da: euskaren aldeko deia, eskubideak errespetatzearen aldekoa, herritar guztien berdintasunaren aldekoa, harrotasuna zabaltzekoa. Eta euskarak gorputzak, buruak eta plazak blaitzen dituelaren beste ekitaldi bat badugu ate joka: Kantu eta Hitza. Ostegunero, maiatzetik ekainera bitartean, O-ko Andre Maria Plazan entzungai izango ditugu Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi talde mitikoa. Ez dugu alde batera utzi nahi izan euskaldun askoren soinu bandaren bihurtu diren musika talde askoren hauspotzaile izan diren GOR Diskak-eko Patxi, Marino eta Antonio Goñi anaietaz. Eurak izan dira azken 32 urteotan euskal musika eszena astindu eta irauli duten musikazale amorratuak, diskoetxe, banaketaren eta management lanen bitartez. Azkenik, txikitasunean sortzen diren ekimenak gustoko ditugunez, Abadiñora jauzi egin eta bertan ekainaren 24rako antolatu den KOBA Live festibalaren berri eman nahi izan dugu. Metalgintzako empresa mordoa dagoen lurraldea izanik, metalari musikatik heltzea badakitela erakutsi digute, Sweet Rage, Mash, Angelus Apatrida eta bestelako hainbat talde bilduko direlarik Durangaldeko txoko honetan. Eta honenbestez, Hiru Katuren lehenbiziko ikasturte honen amaierara iritsi gara, sendo, sano eta gogotsu. Burlatako euskal ekosistemaren bozgorailu izan nahi duen ekimen sonoro honek irailetik aurrera segida izango duelaren esperantzarekin agurtzen gara. Roberren, Leireren eta Anttonen partez, ahaztu gabe guztioi, muxu handi bana. Laster arte!

Ikonoa sakatu saioa entzuteko.

¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar